EUSKADIASIA


Go to content

Main menu:


ELKARRIZKETA JON GOIKOLEA-REKIN, “EUSKARA-JAPONIERA / JAPONIERA-EUSKARA” LEHENENGO HIZTEGIAREN EGILEA


EuskadiAsia
informacion@euskadiasia.com

Jon Goikolea

Jon Goikolea GoiHata SL itzulpengintza, Interpretaritza, eta Japonia buruzko aholkularitza enpresaren arduraduna da eta azken urteotan japoniera euskaldunengana hurbiltzeko hainbat ekimen burutu dituzte. Oraintsuan Japoniar ideogrameen lehen euskarazko hiztegia argitaratu du. Askenik, Jon Goikolea-ri elkarrizketa hau eman izana eskertu nahi genioke.

 

Noiz eta zergatik sortu zenuen proiektu hau?

Japoniera ikasteak asko asebete nau, eta poztasun asko eman dit. Japoniera ikasteak esperientzi aberatsak eskaini dizkit eta nik bizi izan dudan hori, nahi nuke ni bezalako beste euskaldun arruntek ere ezagutzea. Hiztegi hau, japoniera irakurtzen ikasteko tresna bat da. Euskal kultura eta Japoniako kulturak elkar hurbiltzeko tresna bat. Guk eta japoniarrak asko daukagu elkarrengandik ikasteko. Hiztegia helburu horrekin egina dago eta noski neure gozamen pertsonalerako.

 

Zergatik erabaki egin duzu hiztegi bat egitea eta ez gramatika bat?

GoiHata-ren hiztegia, hiztegi berezi bat da. Irakurtzen ikasteko hiztegi bat, non irudiak diren letrak bere forma edo itxuraren arabera oso erraz bilatu daitezke. Kanjiak jatorri bat eta “istorio” txiki bat gordetzen dute eta horiek ezagutzea gozamena da. Gainera, hizkuntza bat ikasteko, oso garrantzitsua da irakurtzen ikastea, eta bereziki ikaslea heldua denean.  Begietatik sartzen dena ikusi egiten da eta memorizatzen laguntzen digu. Gure hiztegia “iruditan oinarritutako literatura” dela esango nuke. Gramatika liburua bat bigarren pauso bat izan daiteke, baina ez dakit noiz egin dezakegun hori.

 

Hiztegi bat egitea oso prozesu neketsua da eta batzuetan ez da oso aintzat hartuta, Zenbat denbora behar izan duzu lan hau egiteko?

Lan hau egiteko 2 urte behar izan ditugu, hiztegi honetan 2.200 kanjitik gora daude, bere ahoskera, esanahi eta jatorri guztiekin. Gure hiztegiak kanji “ofizial” guztiak ditu, hau da japoniarrak hezkuntza arautuan ikastera behartuta dauden kanji guztiak.  Hauek ezagutzen dituenak, gai da egunkari bat edo buletin ofiziala irakurtzeko.

 

Zer da Kanji-a?, zer motatako papera dauka Japoniar hizkuntzan? 

Kanji bat, irudi sinplifikatu bat da, ideia baten (ideograma) edo irudi baten (piktograma) oinarritua dagoena.  Irudi sinplifikatu, “kanji” horrek esanahia dauka eta komunikatzeko balio du. Kanjiak txinatar jatorria dute, japoniarrak mende asko dela Txinatik ekarri zituzten eta bere hizkuntzara egokitu zituzten.  Japonieraz ikasteko eta komunikatzeko kanjiak ikasi beharra dago, gainera irudimenaren lagungarri dira.

 

Jos R. de Roo garrantzitsua izan da zure metodoa garatzerakoan, Zeintzuk dira bere oinarri nagusienak?

Jos R. de Roo, Flandeseko hizkuntzalari eta ikertzaile aparta izan zen. Japoniera hizkuntza maite zuen, eta maitasun hori, bere ikasle izan ginen guztioi transmititzen zigun. Berak garatutako sistemaz errazagoa zen kanjiak ikastea eta gure hiztegia bere sisteman oinarrituta dago. Kanjiak sailkatzeko erabiltzen dugun sistema berea da, horrela kanjia erraz bilatu daiteke. De Roo-ren, Euskarak eta Japonierak ia antzerakotasunik zuen jakin nahi horrek hurbildu gintuen. Beraz irakasle eta lagun izateko zorte handia izan nuela esan dezaket.


Euskarak japonierarekin antzekotasun fonetikoak eta sintaktikoak dauzka. Horretaz gain, euskara eta beste hizkuntza altaikoekin, korear bezala,  harreman handia dauka, Horri buruz zein da zure iritzia?,  kasualitatea da edo lotura sakonagoa da?

Japoniera eta Euskara oso hizkuntza desberdinak dira, baina Euskaldun izateak japoniera ikasteko lana erraztu dezake, bereziki fonetika oso antzerakoa dutelako, Hau da SA, TXA, TZA, XA bi hizkuntzetan existitzen dira. Beste berezitasun bat da, aditza normalean esaldiaren bukaeran agertzen dela eta gero kasualitate hutsa diren hitz antzerako bakan batzuk ere badaude, baina esango nuke antzerakotasunak hor bukatzen direla. Ez dira asko.

 

Hizkuntzaren egitura kontuan hartzen baldin badugu (japonieraren antzekoa) japoniera ikastea errazagoa euskaldunentzat erdaldunentzat baino? 

Hizkuntza bat gehiago jakiteak betik laguntzen du hurrengoa ikasteko, Euskaldunok elebidunak garenez, japoniera ikasteko abantaila bat daukagu, honi gehitzen badiogu gorago aipatutako antzerakotasun fonetikoak, nik ez daukat zalantzarik euskara jakitea lagungarri dela.

 

Japoniar hizkuntza modan dago Euskal Herrian eta Munduan?

Orain Txinera dago modan, Japonia ez dago horren modan baina bere maila kulturalak, indar ekonomikoak, jakinduriak, asko du eskaintzeko eta modak joan eta etorri egiten dira, baina Japonia eta bere hizkuntza hor egongo dira.

 

Esan daiteke Japoniera etorkizuneko hizkuntza da?

Japonia betik izango da Japoniako lehen hizkuntza, eta japoniarrekin askoz ere errazagoa da konfiantza lortzea bere hizkuntzan egiten badiozu. Hau ez da "nazionalistak" direlako, baizik eta gizaki arrunt bezala, guztioi gustatzen zaigu eta eskertzen dugu gure hizkuntzan hitz egiten digutenean.  Horretaz aparte, Japonian japonieraz bilatu dezakegun informazioak ez dauka zer ikusirik ingelesez bilatu dezakegunarekin. Beraz Japoniera ez dakiena, jokoz kanpo geratzen da, teknologikoki eta ekonomikoki oso indartsua den Japoniako eremuan.

 

Duela urte batzuk Japonian bizi zinen, zehazki 1985-tik 1994 bitartean. Japoniar kulturari buruz zein aspektua azpimarratuko zenuke?

Gizatasuna eta zintzotasuna, elkarrenganako konfiantza, hitza edo berba betetzearen garrantzia, duintasuna, elkarrenganako errespetua, diziplina, legea eta arauak betetzea, fideltasuna, hierarkia.  Bezero bezala "paradisua", ekoizle edo saltzaile bezala "oso gogorra", gauzak hobetzeko grina, eta abar...

 

Japoniar munduaren barruan, zein motatako ezaugarriak Euskal Herriko kulturarekin antzekotasun dauzka?

Berba edo hitza betetzearena, langilearekiko errespetua, nik esango nuke antzerakotasunak  ere asko direla, japoniarra normalean zorrotzagoa da, robotaren antza gehiago dauka eta euskalduna berriz malguagoa da, gauza biak dituzten bere arlo on eta txar guztiekin.  

 

Noiz sortu zen Goihata eta zeintzuk dira bere helburuak?

GoiHata SL 1994-garren urtean sortu zen , Japonia eta Euskal Herria elkar hurbiltzeko asmoz. Hizkuntzaz baliatzen gara alde bietako enpresei zerbitzu desberdinak eskaintzeko; itzulpenak, txostenak, ikerketak, aholkularitza, eta abar. Bi herrialdeen arteko zubi lana egiten dugu, horretatik gure bezeroak etekinak atera ditzaten.

 

Informazio Gehiago: http://www.goihata.com/

Home Page | Quienes Somos | Estudios Orientales | Observatorio | Noticias y Actividades | Libros | E-Links Interes | Contacto | Site Map




Back to content | Back to main menu